<<< Orri Nagusira

       

www.puntubi.com

KAS

Euskaraz, Koordinadora Abertzale Sozialista. Euskal Herriko ezker abertzaleko taldeak koordinatzeko 1975ean sortutako plataforma politikoa; ETA (pm), EHAS, LAIA, LAB eta LAK izan ziren sortzaileak. ETA (m) ez zen partaidea hasieran, baina koordinadoraren akordioak sostengatzen zituela adierazi zuen. Franco hildakoan, Hego Euskal Herrian demokrazia ezartzeko gutxienezko baldintzak adierazi zituen KASek KAS alternatiba izeneko manifestuan (1976-VIII): askatasun demokratikoak, preso politikoen askatasuna, estatuko polizi indar zapaltzaileen disoluzioa, alderdi politiko guztiak legeztatzea, langileriaren bizi-egoera hobetzea, Euskadiren subiranotasun nazionala onartzea eta Hego Euskal Herrirako autonomia zabaleko erregimena eratzea ziren puntu nagusiak.

1976ko amaieran ETA (m)-ak KAS errespetatu beharreko eztabaida-gune eta lehentasunezko akordioetarako egituratzat jo zuen eta 1977an EIA alderdia eta ASK erakundea sartu ziren KASen. 1977ko hauteskunde orokorretan parte hartu ahal izateko KASek amnistia osoa eta alderdi guztien legeztapena ezinbesteko baldintzatzat jo zituen. EIAk, ETA (pm)-aren eraginez, akordioa hautsi eta hauteskundeetan parte hartu zuen. Ondorioz, biak irten ziren KASetik. 1978an HASI alderdia sartu zen eta 1980an LAIA irten egin zen. Harrezkero, koordinazio-erakunde gisa ez eta bloke gisa aritu zen KAS; bere buruaren definizio ideologikoa garatu zuen "KAS, euskal iraultzarako Bloke Zuzendaria" izeneko agirian.

Iturria: Harluxet