Dorre
misteriotsua
Arabako
Aramaion, Ibarra izeneko herrian, kezka gorria
sortu zitzaien 1122, urtean.
Aramaiok Iparraldera Anboto dauka eta honek bi aldetara, Urkiola eta Udala
mendiak. Urtebete lehenago Samuel izeneko hebrear misteriotsu bat etorri zen Ibarrara.
Bizar zuri eta
bularra estaltzeraino luze
zeraman. Janzkera, berriz, buru gaineko txano txiki biribil bat eta tunika
distiratsua baino ez.
Arratsaldeetan
Goiko-errotako iturrira joaten zen, eta handik Anbotori so pasatzen zituen
orduak. Pergamino batean egiten zituen marrazkiak ikusita jendeak sorgin-jauregi
bat egiten ari zirela pentsatzen zuen, bertan, ez baitzen langilerik ikusten.
Jendea dorre misteriotsuaz hitz egiten hasi zen.
Halako
baten hebrearra desagertu egin
zen eta dorrea han zegoen. Gauez, eguzkia sartu orduko, dorre barruan argiak
pizten ziren eta bertatik dozena erdi bat zaldizko ateratzen ziren trostan.
Zaldiak arrapaladan joan arren isiltasuna erabatekoa izaten zen, zaldiek ez
baitzuten lurra ukitzen.
Ibarrako
herritarrak kezkaturik eta dorre misteriotsuan zer gertatzen zen jakin-minez, lau
gazte ausart bertara bidaltzea
erabaki zuten. Gauerokoa errepikatu zen, eta lau gazteak segundo batzuez elkarri begira egon
ondoren, dorreko sarrerarantz
abiatu ziren. Hango argitasunari jarraituz, gela handi batera iritsi ziren. Han, lurrari josita bezala geratu
ziren harriduraz eta beldurrez. Harrituta, gelaren erdian, zutik, neska gazte eder bat zegoelako, oinutsik eta
burutik oinetarainoko tunikaz jantzia. Beldurtuak gela osoa argiztatzen zuen argi zuri batek inguratzen
zuelako gaztea.
Lau gazteak
lasterka ihes egitera
zihoazen, baina neskaren ahotsak geldiarazi zituen:
-Itxoin! Ez
zaitezte joan! Muntxaraz dorreko Mariurraka naiz. Orain
duela berrehun urte nire anaia Ibon
hil nuen eta, horregatik, ez hiltzera
kondenatua nago. Arren! Lagun
iezadazue!
Neskaren
tristeziarekin hunkiturik, nola lagun
zezaketen galdetu zioten.
-Ni naiz gauerdian hemendik atera
diren izpirituen argia. Argizta ezazue dorrea! Su handi bat egin behar
duzue hemen bertan, nire argitasuna baino handiago duena izan behar
du, baina... egizue azkar! Bestela "Beraiek" itzuliko dira eta akabo zarete zuek... eta
baita ni ere.
Lau gazteek su handia egin zuten
gelaren erdi erdian. Minutu gutxi
barru, garrak sabairaino iristen ziren.
Neskak irribarre egin zien eta desagertzen hasi zen hau esaten zuen
bitartean:
-Eskerrik asko, lagunok, eskerrik
asko! Orain har dezaket atseden betiko.
Eguna urratzen hasi
zen eta lau ibarratarrek zelaiaren erdian ikusi zuten
beren burua.
Dorrea desagertua zen.
Sua bakarrik ikusten zen.
Urteak joan dira eta
Ibarrako biztanleek geroztik ez dituzte ikusi halako beldurra eman zien fantasma
haiek.