<<< Orri Nagusira

       

www.puntubi.com

Gizona eta katua  

Eskoriatzako baserri batean, familia osoa oheratzen zenean, etxekoandrea ehuntzen geratzen zen sutondoan.

Gau batean, katu beltz bat jaitsi zen tximiniatik, andre beldurtuaren inguruan zenbait itzuli egin eta honela esan zion: 

-Etxekoak lo egiten eta zu ehuntzen?

Eta barrez desagertu zen.

Etxekoandreak amets egin zuela pentsatu zuen, ziur aski erdi lotan geratuko zen sutondoaren berotasunean, eta ez zen gehiago kezkatu.

Baina hurrengo gauean, andrea berriro ehuntzen ari zenean, katua agertu zitzaion berriz ere, zenbait itzuli egin zituen bere inguruan eta bezpera gaueko gauza bera errepikatu zion:

-Etxekoak lo egiten eta zu ehuntzen?

Eta desagertu egin zen. Eta honela gaua joan eta gaua etorri, azkenean gertatzen zenaren berri senarrari ematea erabaki zuen arte. Honek une batez pentsatu ondoren, arropak eta baita buruzapia ere uzteko eskatu zion emazteari.

-Gaur gauean ni geratuko naiz sutondoan ehuntzen eta ikusiko dugu zer gertatzen den.

Eta honela, gaua iritsitakoan, emakume arropez mozorroturiko gizona tximiniaren ondoan eseri eta ehuntzen hasi zen. Handik gutxira, ohi zuen bezala, katua azaldu zen eta itzuli batzuk egin ondoren, begira geratu zitzaion. Berehala tankera eman zion pertsona hura ez zela etxekoandrea; gainera, zapiaren azpitik bizar beltz eta itxia ikusten zitzaion gizonari.

-Nola? Nola? -barre egin zuen katuak- gizona izan eta goruetan?

Gizonak erantzun zion orduan:

-Nola? Nola? Katua izan eta berriketan?

Eta sutondotik burruntzia hartuz, katua buruan jo eta hil egin zuen. Gero, sukaldeko leihotik baratzera bota zuen.

Biharamunean auzoko andre bat agertu zen hila baratzean.

Beste bertsio batek amaiera aldatzen dio: gizonak, tximenetik ilinti bat hartu eta beso batean jo zuen katua. Biharamunean, auzoko andre bat besoa bendatua azaldu zen eta zer gertatu zitzaion galdetzen zioten arren, ez zuen erantzunik ematen. Baina handik aurrera ez zuen inor gehiago zirikatu.

Iturria: Euskal leiendak, Erein