|
<<< Orri Nagusira |
www.puntubi.com |
-Egunen batean prakak ere apustuan galduko dituk! -esan zioten.
-Eta beharbada aberastu egingo nauk! -erantzun zuen jokalariak.
Bere lagunek adarra jotzea pentsatu zuten: ezin beteko zuen apustu bat proposatuko zioten.
-Hi txekor jaioberri bat jokatuko diagu, ez haizela gaueko hamabiak eta ordu biak bitartean Ogoñoko haitzuloaren aurretik pasatzen...
Gizonak ez zuen bi bider pentsatu.
-Ondo zagok! Zuek txekorra prest eduki
Eta bideari lotu zitzaion, metro batzuetara bere lagunak zituela.
Gauerdiko hamabiak aspalditxo joak ziren haitzuloaren aurretik pasa zenean. Horretan, laminaku izugarria atera zitzaion, kopetan begi bakarra zuen hura.
-Hara, hara! -oihukatu zuen- hau ezusteko ederra! Ez haiz gazte eta samurra, baina hala ere ondo hatorkit afarirako!!!
Heldu eta barrura sartzera zihoan, gizonak burutapen bat izan zuenean. Irribarrez esan zion honek:
-Ez dago gaizki, laminaku andrea, baina lehenagotik lihoaren penak kontatuko dizkizut.
Laminakuk pentsatzen jardun zuen une batez, baina izatez jakinguratsua zen eta leku hartan denbora-pasa handirik ez zuenez... gainera bazuen lihoaren penen berri.
-Ondo, ondo, konta iezazkidak bada. Baina gero jan egingo haut. Aspaldian ez diat giza jakirik dastatu eta zaletzen nagok.
Gizona lihoaren penak kontatzen hasi zen poliki-poliki.
-Lehenik, hondotik atera, gero lehortu, gero putzuan samurtu eta lehortu, gero aletu, gero makila edo mazuaz jo, gero zurezko matxardez jo, gero txarratu, gero ardatzean jarri eta ardaztu, gero matazatu, egosi, ibaian garbitu eta harilkatu, gero oihala egin, soinekoa josi, hautsi, ibaian garbitu...
Gizonak astiro-astiro jarraitzen zuen eta Laminaku bere onetik ateratzen hasi zen.
-Beno! Nahikoa dugu! Lihoaren pena hauek gehiegi luzatzen ari dituk! Dagoeneko hi jateko garaia duk...
Eta horretan oilarrak kukurruku jo zuen. Laminaku haitzuloan sartu zen ahal bezain azkar, esanez:
-A! Martxoan jaiotako oilar gorria! Afaritarako neukan legatza kendu didak. Azeri zaharrak ezkerreko begi gorria galduko al dik, bada!
Jokalaria herrira itzuli zen. Apustu hura irabazi zuen, baina handik aurrera kontu handiz ibili zen beste bat onartzerakoan!