Mendiondoko euliak
Mendiondo baserriko nagusia erabat alfer eta nagia zen eta, hala eta
guztiz ere, etxe hartako ereinketa, ganadua jaistea eta gainerako lanak azkar
bukatzen zituzten, inguruko etxeetan baino askoz azkarrago bukatu ere.
Goiz batean, soroak ordu beten azpitik moztu zuten; beste batean,
di-da batean, belar
dena bildu eta ganbarara eramana zuten. Jende guztia harrituta zegoen, egiteko
denak azkar burutzen ziren, baina, han ez zuten inor lanean ikusten.
Mendiondoko nagusiaren emaztea ere
han sorginkeriaren bat gertatzen ari zela pentsatzen hasia zen.
Egun batean senarra ikusi zuen herrira
joan baino lehen sasi tartean zerbait gordetzen ari zela. Urrutiratu zenean, emakumea lar tartera joan eta han gordetakoa aurkitu zuen: ontzitxo bat. Zabaldu zuen eta barrutik hamar euli atera ziren; denak bere inguruan
itzulika hasi ziren esanez:
-Zer egingo dugu? Zer egingo dugu?
Andreak, zer egin jakin gabe, esan zien:
-Berriro ontzian sartu!
Eta berehala, hamar euliak berriro
ontzian sartu ziren.
Senarra itzuli zenean, emazteak
euli
hiztunen historia argitzeko esan zion; azkenean, senarrak dena aitortu zuen:
etxeko lan azkar guztiak haiek egiten zituztela,
agindu baino ez zutela behar.
Emazteak probatu
egin zuen, eta
senarrak esandako guztia egia zela ikusi zuen;
denboraldi batean euliek egiten zizkioten etxeko lan guztiak, baina lanean ari
zirelarik ere ez ziren isiltzen, eta etxekoandrea aspertu egin zen, etenik
gabeko kalakaldi hartaz:
-Lana! Lana! Lana!
Emakumea senarraren bila joan zen.
-Aizu, euli hauekin
zerbait egin
beharra daukagu, bestela azkenean
nahigaberen bat emango digute eta.
-Bai,
ni neu ere horretan nago -erantzun
zion senarrak- baina alde egitea nahi badugu, soldata eman
behar diegu beren lanaren truke.
Pixka bat pentsatu ondoren, emakumeak erantzun zuen:
-Hor badaude hamar antzara, bakoitzari emaiozu bat.
Une hartantxe hamar antzarak hegan atera ziren sekulako iskanbila eginez, eta Mendiondoko
euliak ez ziren inoiz gehiago azaldu.
Iturria: narrazio hau Les Presses de la
Renaissance-k argitaratutako "Contes
populaires et legéndes du Pays Basque"
liburutik hartua dago.