|
<<< Orri Nagusira |
www.puntubi.com |
*Neska batek bere buruari begira eta ile luzea orrazten ematen zituen orduak eta etxean ez zuen ezertan laguntzen. Amak egun batean, bere onetik aterata, madarikazio hau bota zion:
-Mila tximistek eramango al haute!
Alaba desagertu egin zen.
Urte batzuk geroago, artzain bati azaldu omen zitzaion eskeleto itxuran eta bere amak botatako madarikazioa betetzen ari zela esan zion.
*Bada beste alegi bat aurrekoaren antzekoa. Honetan ere, neskak ez zuen baserri lanetan batere laguntzen, eta amak esan zion:
-Marik eramango al hau!
Eta halaxe gertatu zen. Marik eraman eta berarekin eduki zuen zazpi urtez, urrezko hariak ardazten eta gorutzen irakasten. Denboraldi hura bete zenean, Marik etxera itzultzen utzi zion eta jendeak hain luzaroan non egon zen galdetzen zionean, hau erantzuten zuen:
-Amaren madarikazioa betetzen!
*Kristautasunaren ukitua duen beste alegi batek dio neskak behiak larrera eraman zituela eta, itzultzerakoan, txahal gorria falta zitzaiola ohartu zen. Amak haren bila bidali zuen, baina, oso nekatua zegoela eta biharamunean txahala azalduko zela aitzakia ez zuen joan nahi izan. Amak madarikazio hau bota zion:
-Ez badun ekartzen deabruak eramango al hau!
Atera zen bada, neska txahalaren bila eta, denbora pixka batera, han ikusi zuen berea zela iruditu zitzaiona. Kontuz-kontuz hurbildu zitzaion eta zast! isatsetik heldu zion! Baina orduan txahala, deabruzko jeinua baitzen izatez, lasterka abiatu zen, neska berarekin eramanez. Haitzulo batean sartu ziren biak eta geroztik ez zuen inork neskaren berririk izan.
*Ondorengo alegia hau, berriz, J. Barbier-ek jaso zuen bere "Legèndes Basques" liburuan eta Barandiaranek ere aipamen bat egiten dio. Honetan, oso nabarmena da erlijioak eraginda emandako amaiera.
Aitzinean, oso aspaldi, Bithirinako (Nafarroa Beherean) baserri batean, etxeko denak erabat lanpetuak zeuden egun hartan bildutako artoa aletzen.
Baserriko morroia artoa banatzeko eskuareaz behartu zenean, zelaian utzia zuela ohartu zen eta honela esan zuen:
-Eskuarea ekartzen didanari hamar zentimo emango diot!
Baserrian neskame zegoen neska gazte batek hori entzun zuenean, modu honetan erantzun zion:
-Presta ezak dirua! Neu joango nauk hire eskuarearen bila.
Eta lasterka irten zen etxetik. Bost segundo baino lehen damutu zen morroia dirua eskaini izanaz eta hala esan zuen:
-Deabruak eramango al du!
Une hartan bertan garrasi bat entzun zuten. Etxeko guztiak zer gertatzen ote zen ikustera irten ziren eta, erabat larrituta, neska baserriaren gainetik pasatzen ikusi zuten. Beraiek ikusten ez zuten zerbaitek edo norbaitek eramanda bezala zihoan.
Baserri atariaren gainetik igarotzerakoan, neskak eskuarea erortzen utzi zuen.
-Horra hor eskuarea! -esan zuen- ni gaiztoek naramate!
Inhurriako jendea eta bizilagun batzuk ere neskaren ondoren abiatu ziren hura harrapatu nahian eta, lasterka-lasterka, Larrezabalera iritsi ziren biriketan ia airerik gabe. Han, herri hartako biztanleak atera ziren neskaren atzetik eta horrela, herriz herri, Mendibetik aurrera joan ziren.
Salbatore baselizaren gainetik igarotzerakoan, neskak oihukatu zuen:
-Salbatore! Salbatore! Lagun nazazu!
Eta hitz horiek ahoskatu orduko, astiro-astiro jaisten hasi zen, lurra ukitzeraino. Neska airetik zeraman deabrua desagertu egin zen.
+(gazt: Auñamendi)