|
<<< Orri Nagusira |
www.puntubi.com |
Diotenez, Berrizko mutil bat bere ezkontza aurreko egunetan gonbidapenak senide eta lagunen artean zabaltzen ari omen zen. Hilerriaren aurretik igarotzerakoan burezur bat ikusi zuen, segur aski ehorzleari hezurtegirakoan eroria. Ostikada bat emanez, esan zion:
-Hi ere nire ezkontzara gonbidatzen haut, etorri ahal baduk behintzat! ja, ja, ja!!!
Eta mutilak bere bideari jarraitu zion. Handik pixka batera, atzean zakur beltz handi bat zuela ohartu zen; bere begietan zerbait latza nabaritzen zion eta zerbait horrek ikaratu egin zuen gure gaztea. Etxera iritsitakoan ama ere izutu egin zen mutilari hain aurpegi zurbila ikusi zionean, eta galdetu zion:
-Baina... seme! Zer gertatzen zaik? A ze aurpegia daukaana!
Semeak hilerriaren aurrean egindakoaren berri eman zion eta nola, geroztik, zakur beltz handi batek jarraitzen zion. Ama leihora joan zen eta, bai, hantxe zegoen zakur beltza, begirada andrearengandik aldendu gabe.
-A!, seme! -esan zion andreak- joan hadi bizkor Bordazuriko jaunarengana. Oso zaharra duk eta sorgin fama ere badik... hark jakingo dik zer egin behar duan. Denborarik ez galdu! Korri.
Mutila agurearengana joan zen eta gertatzen zitzaionaren berri eman zion. Bordazuriko jaunak une batez pentsatzen jardun zuen eta gero, zakurrari begiratu zion, hau etxetik metro batzuetara baitzegoen. Gero, astiro-astiro, zer egin esan zion:
-Gaizki egin duk burezurrari ostikada ematearekin. Zakurra hildakoaren zaindaria duk eta mendeku hartuko dik egindako kalteagatik, baina, hala eta guztiz ere, agian, irtenbide bat baduk oraindik: ezkontza-oturuntza hasten denean, zakurra jar ezak hire alboan eta gonbidatuak baino lehen zerbitza dezatela bera.
Mutilak buruan zituen agurearen hitzak eta biharamunean, oturuntza garaian, zakurra bere ondoan eserarazi eta janari bakoitzetik besteei baino lehen eman zion:
Jakina, mutilaren jokabidea ikusita, denak harrituta geratu ziren eta pentsatzen hasi ziren txantxetan ari zela, edo burutik erabat egina zegoela.
-Baina, mote, motel -esan zioten- janaririk gozoenak nola emango dizkiok bada, zakurrari? Erotu egin al haiz?
Eta mutilak esan zien:
-Ez iezadazue ezer galdetu, baina nik badut arrazoirik egiten ari naizena egiteko.
Oturuntza bukatu zenean, zakurrak esan zion:
-Ondo egin duzu agurearen esana betetzen, bestela zigor latza jasoko baitzenuen. Nire jabearen zaindaria naiz eta berak bidali nau zuk egindakoagatik mendekua hartzera. Orain barkatu dizu hori, eta ez nauzu berriro ikusiko.
Zakurra desagertu egin zen denen begien bistatik.