Urrezko txekorra
Arabako Okina herrian bada leize bat alegi askotan aipatzen
dena. Zezen, ahari edo ardi itxuran
agertzen diren jeinuen bizileku omen da. Diotenez, han barruan urrezko
txekor bat dago, jeinu eta izaki beldurgarri horiek guztiek zaindua.
Garai batean, Okinako artzain
gazte batek leize horren ingurura eramaten zuen artaldea bazkatzera. Leizearen
aurrean eseri eta gerlari ausarta zela amesten
zuen: jendeak aipatzen
zituen kontu haietaz pentsatzen zuen,
han zeuden altxorrez, zaintzen zituzten jeinu eta munstroez; leize barruan inolako beldurrik gabe
sartu, altxorraren zaintzaileekin borroka egin
eta altxorra besapean zuela etxerantz abiatzen zen... Mundu guztiak goraipatzen zuen eta bere ama oso pozik zegoen hain
seme ausarta izatearekin.
Artaldea
utzita, behin edo behin zuloaren barrualdera begiratzen zuen, baina, hango
iluntasunak
eta entzuten zituen oihuek larruazala oiloipurdian jartzen zieten. Egun batean,
leize
aurrean eserita zegoela, arkume beltz
bat ikusi zuen handik ateratzen, triste
eta beeka. Hasieran, jeinu bat zela pentsatu zuen
eta zutik jarri zen arin-arin. Arkumea, ordea, ondo-ondoan jarri zitzaion
bazkan. Artzainak pentsatu zuen orduan beste artalderen batetik
galdukoa eta haitzuloan gerizpetutakoa izango zela.
Mutila arkumearengana hurbildu eta ukitu egin zuen,
une horretan, izugarrizko indar batek
bultzatuta artzaina leize barruan zuen.
Leizearen hondoraino iritsi zenean
ohartu zen non egon zitekeen, gainera, arkume beltza desagertu eta
bakar bakarrik zegoela konturatu zen. Leize barruan sekulako argitasuna zegoen,
herriko zaharrek kontatzen zuten alegietako urrezko txekorra zegoen bertan eta
haren distirak leize osoa argitzen zuen.
-Hau zorte ona!, altxorra aurkitu dut! -esan
zion bere buruari.
Une
horretan, txekorrak begiak
zabaldu eta honela hitz egin zion artzainari:
-Asko izan dira
altxorra eramateko asmoz leizean sartu nahi izan dutenak, baina, zu izan zara
lehena. Zu, oraingo honetan aterako zara -jarraitu
zuen txekorrak-,
baina norbait sartzen bada edo noizbait zu hona sartzen ausartzen bazara,
larrutik ordainduko duzue! Zoaz, eta esaiezu denei hemen entzundakoa.
Orduan,
haize bolada batek zurrunbiloan atera zuen kobazulotik. Ardi baten lamikadak esnatu zuen.
Hasiera batean zorabio sentitu zuen, baina berehala konturatu zen betiko lekuan
zegoela, Okinako leizearen aurrean eta bere ardiez inguratuta alegia.
Gertatutako gogoratuz zirrara sentitu zuen oinetatik burura igotzen. A ze ametsa egin
dudana, esan zuen. Ardiak
bildu eta ahalik eta azkarren itzuli zen herrira. Gertatutakoaren berri ez zion
inori eman eta leize hartara ez zen bere bizi osoan itzuli.