|
|
Historia aurretik ezagutzen ziren Urbiatik
kostalderainoko
abelbideak. Neolitiko edo Menasta garaian bide
horietako bat
herriko mendi gainetatik pasatzen zen, eta hainbat tokitan hildakoei
eskainitako oroigarri megalitikok laga zizkiguten. Hor dira esate
baterako,
Arrolamendiko eta Trekutzeko tumuloak.
Antzuolako sorrera Gipuzkoako bederatzi elizaurrei lotua dago,
Uzarragakoa zaharrenetako bat dela esaten baita. Bestalde, San Joan
Bataiatzailearen eliza Tenplarioen garaikoa omen da. Zoritxarrez, lurpeko
urak sortaraziko korronteak direla eta, eliza guztia, edo zati batzuk,
hiru aldiz erori eta beste hainbestetan jaso behar izan da. Sorrera
horretan ere, agian, zerikusia izango du
Valdejunkerako borrokaldia
dela-eta (Gesalatzen, 920ko ekainaren 25ean) dagoen herri ohitura. Garai
horretan euskaldunak Antso I.a
Gartzesen osteen parte baitziren.
Oraingo Antzuola, ordea, gaztelarren inbasioaren ondokoa da, eta Olalde inguruan Magdalenari
eskainia zegoen ospitalearekin (1489) hasten da. Errukizko Amaren izeneko parrokiaren sorrera,
berriz, 1525ekoa da. Antzuolak betidanik izan du Bergararekin zerikusia, 1391ko urtarrilaren
20an, Bergarako hiriari erantsi zitzaion; batetik, Ahaide
Nagusien borroketan Gabiria eta Ozaeta
izeneko bandokidei aurre egiteko eta, bestetik, hiriak zeuzkan abantailak jaso ahal
izateko. Batasun hori ez zen eten 1629ko abenduaren 12a arte, orduko
Gaztelako errege zen Felipe III.ari urrezko 5.000 dukat ordaindu ondoren, Antzuolak
independentzia eskuratu baitzuen.
XVIII-XIX. mendeetan, Konbentzio
gerrak eragindakoa da aipagarria. Udalerriko baserri askotan gehiegikeriak egin bazituzten ere,
herritarrek aurre egin zieten frantsesei. Herri tradizioak dionez, antzuolarren artean Pildain izeneko
gerrillari ospetsua bazen garai honetan, eta dirudienez bere gorpua Antiguako ermitan
lurperatuta dago. Gero, karlistada
garaian, Deskarga mendatean borrokaldi odoltsua jokatu zen karlista eta
liberalen artean.
Euskal
Herriaren industrializazioaren ondorioz herriaren historian garrantzia izan duen lan jardun bat aipatu
beharra dago, larru ontzea, hain zuzen ere. Larru ontzearen gainean agertu
diren lehen datuak 1828koak dira. 1931. urtean lanbide honetan herriko lau
lantegietan antzuolar
asko zebilen beharrean. Espainiako Gerra Zibilaren ondoren errepresio
lazgarria bizi izan zen eta 60 eta 70eko hamarkadetan emigrazioak izan du eragina
. Gaur egun, herri industrializatua da Antzuola, eta azken urte hauetan herrian egin den etxebizitza kopuruaren ondorioz Antzuola hazten
ari da poliki-poliki.
Iturriak: Herriko web orria;
Auņamendi |
|