San Mikel in excelsis baseliza

Gaurko tenplua garai prerromanikoko antzinako baten gainean egindako berreraikipena da. Konpontze lanetan IX. mendeko eliza prerromaniko horren aztarnak aurkitu zituzten. Dirudienez, X. mendean sute baten ostean berreraiki eta handitu egin zuten. Pedro I. erregea bertara erromes joan eta sendatu zenetik Nafarroa osoan ospe handia hartu zuen. Gaur egun, ikus dezakegun jainkotegiak basilika-planta du, hiru nabe, lau tarterekin, eta barneluzegoekin lerrokatutako buru hirukoitza. Kapera nagusia kanpoalde poligonala da, eta besteak erdizirkularrak. Kapera nagusia baino lehen santutegi txikitxo bat dugu, kondairaren arabera San Migel agertu zen kobaren gainean. San Migelen irudi txikia zilar urreztatuz egindako oskol barroko (1756) batez osatua dago. Oskol honek barruan antzinako zurezko tailua gordetzen du. Irudi honek martxotik abuztura nafar herri asko bisitatzen du, pertsona, zelai eta haziendak bedeinkatuz. Hala ere, santutegiaren altxorra erretaula da. XII. mendeko hau Europako esmaltazio lanik garrantzitsuenetakoa da; esmaltez egindako irudi multzo batez osatua, apostoluen erdian Ama Birjina eta haurtxoa daudela. 1979an lapurtu egin zuten, baina esmalte gehienak berreskuratu ziren.

San Migelen, Corpus Christi egunean tradizio handiko prozesioa burutzen da. Santutegia ikusteko ordutegia: 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Itxita badago babeslekuaren tabernan giltza eska daiteke. Doan da.

Iturria: Argia