Agarre

Agarre haitzuloa, Mendaron.  Labar arteko aztarnak eta Paleolitoko arte higigarriko aurkitu dituzte. Aitzuloa induskatzeko prestaketa lanetan ari zirela, Arrizabalagak arte higigarriko pieza bat (neurri txikiko objektu batean egindako artelana) aurkitu zuen, Antxieta arkeologia taldearekin batera. Zerbido adarrean grabatutako zintzilikario bat zen, eta, horrekin batera, animalia irudien hainbat zati paretetan. Guztiak Paleolito garaikoak dira. Haitzuloaren horma batean margo bat ere atzeman dute, gutxienean duela 22.000 urtekoa behar duena.

Agarreko labar artearen lehen zantzuak izan daitezke, eta gehiago agertu daitezke. "Oraingoz topatu duguna adierazpen figuratibo bati dagokio, animalia bati ziurrenik", azaldu dute. Pigmentu gorria eta ura nahastu, eta hatzarekin puntuka egindako irudia da. Inguruko beste bi haitzulotan agertu izan da teknika bera: Zestoako (Gipuzkoa) Danbolinzulon orein bat dago hala egina, eta zaldi baten burua Mañariako (Bizkaia) Askondo koban. 2006ra arte labar artea Altxerrin (Aia, Gipuzkoa) eta Ekainen (Zestoa) soilik ezagutzen zela ekarri du gogora Arrizabalagak. Baina azken urteetan aurkikuntzak ugaritu dira inguru horretan —Praileaitz (Deba), Erlaitz (Zestoa), Astigarraga (Zestoa) Astuigaña (Zestoa)...—, eta "interpretaziorako korridore bat" markatu dutela aipatu dute arkeologoek

Agarreko haitzuloa 1966an aurkitu zuten, eta urte horretan bertan Juan María Apellanizek eta Rodriguez Ondarrak indusketa bat egin zuten sarreran. Lortu zituzten ebidentzietan oinarrituta, segida kronologiko bat planteatu zuten aztarnategi honetarako, eta hiru aldi bereizi zituzten: zaharrena, Azil Aldia (Goi Paleolitoko azken garaia, kristo aurreko 10.000-8.000 inguruan); eta bi modernoagoak, Kalkolitikoa edo Kobre Aroa, eta Brontze Aroa (segidakoak dira, kristo aurreko 3.500-1.500 bitartekoak).

Bi hamarkada geroago, Joxean Mujika historialariak indusketetan ateratako hezur arrastoak aztertu zituen, eta horien artean pieza zaharragoak aurkitu zituen, dirudienez, Madeleine Aldikoak (Azil Aldiaren aurreko garaia, eta Solutre Aldiarekin batera Goi Paleolitoko aldi artistiko handietako bat dena). Azken aurkikuntzen ondorioz, Paleolitoaren segida kronologikoa milurteko batzuk atzeratu da.

I: Naiz / Berria