|
|
Nire
aitona zena 1890.ean jaio zen Donostian, berarekin bizi
izan ginen hura hil zen arte,
85 zituela, gu nerabeak ginela; bere ama (nire berramona) D. Bizenten
bataiatu zuten 1855.ean, hortaz, bere gurasoek jasan izan zuten 1813ko
erasoa. Familiarengandik ez
dugu jaso hondamendiaren oroimenik, baina, beti gelditzen dira gogoan aitona
zaharraren isiluneak eta sekretuak.
Zer gertatu zen Donostian 1813-8-31n eta osteko egunetan? Ametzagainean,
adibidez, 30.000 urteko donostiarren aztarnak azaldu dira, D. Teresa komentuan,
alde zaharrean, duela bi mila urteko Izurun zaharreko arrastoak, 1181ean Antso jakintsuak errege
nafarrak emandako hiri foruak; 200 urte
ez da ezer hain historia luzea duen hiri batentzat, egunkariak zeuden
adibidez. Ez da historialaria izan behar gertatu zena jakiteko, badaude
1813ko urrian bertan 79 lekukoen aitorpenak, epaileen aurrean egindakoak,
bada
besteen artean Donostiako udalbatzak 1814ko urtarrilean sinatutako bi manifestu, eta nahikoa da hauek irakurtzea
gertatu zena zuzen jakiteko, beren begiekin ikusi zutenek kontatzen baitute.
Donostiakoa ez zen sute soil bat bakarrik izan, planifikatuta amorruz egindako
mendekua baizik, etxe guztiak (600) lapurtuak, 500 banan banan propio
kiskalita, neska, emazte, emakume eta amona guztiak egunetan bortxatuak
(bi mila), 1.000 bat donostiar erailak (Auñamendi), Donostiako familia
guztiak lur jota (1.600 bat), bakoitza bost bat lagunez osatua, zortzi mila
biztanle, garaiko populuaren % 15ª, eraila, bortxaketa orokorra eta
genozidioa alegia. Hankerkeriz, amorruz, gorrotoz, saminez egindako
donostiarren genozidioa zalantzarik gabe, egunetan egon baitziren emazteak
bortxatzen (76 urteko amona bat 12 soldaduk bortxatu zuten), etxeei propio
su ematen gutxienez bederatzi egunetan, bonbak erabiltzen zituztelarik,
lapurretan hilabete eta erdi gutxienez itsasontziak, mandoak eta gurdiak
erabiliz, lekukoen eta garaiko udalbatzaren testigantzen arabera
(Manifestuak).
Konparatzeko ezaguna zaigun faxista espainiarren Gernikako bonbardaketa
1937an eta bere 800 bat hildako, Hernaniko hilerrian paratu dituzten
berrehun luze fusilatuen izenak, Sartagudan omendu dituzten 3.400 bat
epaiketarik gabe nafar fusilatuak, baina Donostiako genozidioak gehiago
gogoratzen dit filmetan ikusitako Akilesen Troia, Kantauriko Troia
modernoa alegia.
Nork egin zuen? Ohikoa izan da urteurrenak ospatzea 100.a, 150.a eta
175.ean duela hogei urte Donostiako udalak D. Jeronimo kaleko hasieran
paratu zuen oroitarrian ematen digu erantzuna " Abuztuaren 31-1813.
Frantses gudarostearen mende zegoen hiri honetan bat bateko erasoan sarturik
aliatuek harrapatu eta sutan jartzen dute herritar txit asko lepo
eginez". Beraz "aliatuek" egin zuten genozidioa eta nor
ziren aliatuak? Gasteizko Andra Mari Zuriaren plazan daukagu erantzuna,
1808ko maiatzaren bian hasitako fusilaketekin Espainiako
"independentzi" gudan, 1813an Donostiara heldu aurretik
espainolek frantsesei irabazitako batailaren monumentuan. Beraz
"aliatuak" espainolak dira, baina ez daude bakarrik, laguntzen
dituzte britainiarrak eta portugesak. 79 lekuko batzuk eta Donostiako
udalbatzek sinatutako manifestuetan aipatzen dira ere aliatuak,
espainolak, ingelesak eta portugesak alegia.
Miguel Artolak idatzi zuen "Historia de la reconstrucción de San
Sebastian" liburuan argitaratuta dago manifestuaren zirriborroa,
datatua 1814-1-7an eta pasarte hau azaltzen da hitzez hitz: "Baina
izugarria izan zen Donostiako biztanleen tristura zeren 1813-7-25ean
egindako erasoan, aliatuak garaituak izan baitziren eta ikusi zituzten
hirian sartzen preso ingelesak eta portugesak. (Eraso hau, esaten da,
goiztiarra izan zela, baina oso kontuan hartua eransteko Donostiako
biztanleei frantsesen alde zeudela), honekin eta asmatutako beste
aitzakiekin, justifikatzeko aspalditik aurrikusita zeuden gehiegikeriak,
ingelesek eta portugesek zioten bezala, Donostia erauzia eta erailak
biztanle guztiak, honela aginduta zuela Castaños jeneralak".
Bukaeran idatzitako dago sinaduren (Donostiako zinegotziak) orria moztuta
dagoela. Lekuko batzuk ere aipatzen dute entzun zutela Castaños jeneral
espainolaren agindua zegoela "labanaz garbitzeko" donostiar
guztiak.
Bestalde Fermin Lasalaren liburu interesgarrian "La separación de
Gipuzkoa y la paz de Basilea", Gipuzkoako
Ahaldun nagusiak 1895ean
aipatzen ditu, Espainiako gobernuaren dekretoak "eraisteko Donostia,
Figeres eta Roses...". Ikusten da hiriak eraisteko eta biztanle
guztiak labanaz garbitzeko adindua ez zela jeneral baten erokeria izan,
baizik eta gobernu oso baten erabakia baizik, eta Donostia ez zela
salbuespena izan. 124 urte beranduago Gernika, Durango, Otxandio... izan
ez ziren bezala. Aipatzen da ere
Konbentzioko gudan 1794-8-4ean Gipuzkoako Batzar nagusiak Getarian bilduta
erabaki zuela frantses errepublikari atxikitzea eta 1795-5-10ean
Donostiako udalbatzak herritarrekin bildura plaza berrian (gaur egun
Konstituzioko plaza) berretsi zuela Getarian Foru Ahaldundiak ebatzitakoa.
Antzeko esaldi ospetsuak "Bilbo konkistatua izan dela armen
indarrez...", "Bartzelona bonbardatu behar dela 50
urtero..." ematen du ohituta gaudela.
Azken galdera da zergatik tamainako mendeku beldurgarria? Orain arte
idatzitakoa datuen bilduma besterik ez da, baina galdera hau erantzuteko
iritzi desberdinak daude noski eta baliatuz Egunkaria itxi zigutela duela
bost urte, lotsagabeki plagiatuko dut Antonio Mendizabalek 2001-8-31n
argitaratu zuen artikulua, bertan baitago nire ustez Donostiako
genozidioaren esplikazio bakarra. Honela dio:
"Frantziako Iraultza ez zen 1789an izandako jazarraldian bakarrik
geratu, baizik eta, Errege-erreginak hil ondoren, mesianismo halako batez,
iraultza mundu osora zabaltzea erabaki zuten. 1974ko abuztuaren 1ean,
armada Bidasoa inguruko mugara iritsi zen, Irunera. Han, Espainiako armada
zuen zain, Pirinioetako alde guztietan. Zer zetorkien ikusita, armadak eta
haren buruak (Colomera jenerala) ihes egin zuten.
Donostiara iritsi zen gertaera haren berri, eta Foru Ahaldundiak Getariara
aldatzea erabaki zuen. Abuztuaren 3an, Donostiako atariraino heldu zen
Moncey jenerala, Frantziako tropa salbatzaileekin, eta liskarrik gabeko
bakea eskaini zuen. Moncey ez zetorren euskaldunen aurka egiteko herri
jasankorra eta borrokalaria osatzen zuten, eta Madrilgo gobernuaren eraso
etengabeak pairatzen ari ziren, Madrilen aurka egiteko baizik.
Foru Ahaldundiak eta Udalak, sena erabiliz eta gizakia izaki libre eta
hiritartzat duen Autodeterminazio Eskubidea betez, erabaki zuten ez aurre
egitea; are gehiago: erabaki zuten Iraultzarekin bat egitea, eta,
ondorioz, Gipuzkoa Frantzia izatera igaro zen; hobeto esanda, indar
handiagoz batu zitzaien Lapurdiri, Zuberoari eta Nafarroa Behereari. Azken
batean, Gipuzkoa, bere ordezkarien erabakiz, Frantziaren mende geratu zen.
Pentsatzekoa da nolako eskandalua sortuko zuen horrek Espainian eta
Madrilen; alde batetik, gerrarik gabe etsi zutelako, eta, bestetik,
Gipuzkoa Frantziako Estatuaren eskuetan geratu zelako. Baina, hori gutxi
balitz bezala, Gipuzkoa estatu burujabe bihurtzeko asmoa zuten, edo
Bizkaiari eta Nafarroari baturikoa, eta, gainera, gogoan zuten antzinako
erresuma berpiztea Zazpiak bat leloarekin.
Guztia Bergarako Mintegiari egotzi zioten, Munibek, Narrosek eta Altunak
sortu zuten fundazioari; mintegi horrek harreman estuak izan zituen
Frantziako entziklopedismoarekin, besteak beste Voltaire, Diderot eta,
bereziki, Rosseaurekin "Azkoitira etorri nahi baitzuen". Garai
haietan Gobernu Iraultzaileko Ministro zen Domingo
Garate; hark parte
hartu zuen Versaillesko pilotalekuan Giza Eskubideen inguruko agiria
idatzi zenean. Hori guztia barkaezina zen, goi mailako traizioa eta
aberriari eginiko erasoa.
Handik urtebetera, 1795eko abuztuan, M. Bartelemyk eta Domingo Iriartek,
Parisko eta Madrilgo ordezkariek hurrenez hurren, Suitzako Basilean Bakea
izenpetu zuten; hala, Gipuzkoa Espainiari itzultzea hitzartu zuten,
Espainiak Frantziari Santo Domingo uhartea ematekotan. Gero, aipaturiko
pertsona horiek guztiak auzipetu egin zituzten.
1808ko maiatzaren 2an Espainiako eta Madrilgo jazarraldiak gertatu ziren,
Frantziaren aurka. Wellington eta portugaldarrak espainiarrei batu
zitzaizkien, eta Wellingtoni buruzagitza eman; horrek Castaños jeloskor
jarri zuen. Independentzia Gerra Euskal Herrira zetorrela eta, Cadiz
beldur zen, Santo Domingo ordurako betiko galdua baitzen.
Cadiztik zalditeria atera zen Castaños jenerala atxilotu eta ordezkatzeko
aginduarekin; jenerala Tolosan atxilotu zuten. Atzera bueltarik ez zegoela
konturatu zen bera ordezkatzeko Freire jenerala joan zenean. Horiek
horrela, Iruñea hartzen ari zen Wellingtonekin elkarrizketatzeko aukera
eskatu zuen. Elkartu zirenean, hitz egin zuten, baina, Gomez Artetxeren
hitzetan, zer hitzartu zuten ezin jakin. Gertaerek esango zuten.
Espainiako tropak, Wellington buru zutela, Lesakarantz abiatu ziren.
Euskal tropak Ugartemendiaren agindupean zeuden; hark Donostiara odolik
isuri gabe sartuko zela esan zuen, baina euskal tropak baztertu egin
zituzten. Bestalde, portugaldarrak eta ingelesak Graham jeneralaren
aginduetara zeuden, eta hark Aieten jarri zuen koartel nagusia. 1813ko
uztailaren 22an, beren indarrek hiri gatazkatsuari eraso zioten. Baina
indar okupatzaileak gailendu zitzaizkien.
Astigarragan ingelesen eta portugaldarren pikete bat atxilotu eta
espetxeratu egin zuten, esan zuten Castaños jeneral espainolaren agindua
zutela "labanaz garbitzeko donostiar guztiak". Donostiako ateak
itxi egin behar izan zituzten, ez hustearren. Baina Pasai Donibanen
babesean ezkutaturik zeudenek Wellingtoni Lesakara bidali zioten gutunean
labanaz hilko zituztelakoan ea egia zen galdetu zioten. Horri Alaba
ordezko jeneralak erantzun zion: "Nola egin diezaiekezu kasu inolako
kargurik gabeko jendeari".
Wellingtonek berak etorri behar izan zuen, abuztuaren 31n Donostia hartu
zuen hark; gero, "kargurik gabekoek" Castañosen agindua bete
egin behar izan zuten. Bizirik irten ziren horiek 1814ko urtarrilean
egindako aktarekin La Reconstrucción de San Sebastián liburua argitaratu
zen; liburu horretan egin ziren basakeria guztiak kontatzen dira: hilotzak
bortxatu, putzu ilunetan ezkutatuz salbatu eta atari guztiak propio erre
(500). Horrez gain, Alabari eta Wellingtoni idatziriko gutunak agertzen
dira, nahiz eta bukaeran sinadurak kendurik dauden.
Beste liburu bat ere bada, Quién incendió San Sebastián; liburu
horretan sinadurak agertzen dira, baina Castañosi buruzko aipamenak
kenduta daude. Haren atxiloketa Gomez Artetxe jeneral eta historialariak
kontatzen du. Donostia berreraikitzea eta baita hiletak egitea ere
debekatu egin zuten, ikaragarrizkoak izaten hasi baitziren. Herriak,
Frantziako entziklopedismoaren parodia egitearren, Danborrada sortu zuen".
Bost urte falta dira 200. urteurrenerako eta bukatzeko eskaera bat egin
nahi diot Donostiako udalari, duela 20 urteko "aliatuen"
eufemismotik haratago, mesedez ofizialki argitara ditzala 1813ko
abuztuaren 31ko donostiarren bortxaketa eta genozidioaren arduradunen
izenak, militar batzuen izenak aipatuak daude, Castaños eta Freire
jeneral espainolak, Wellington eta Graham jeneral ingelesak... baina
badaude ikertzeko beste izen batzuk ere adibidez Donostia, Figeres eta
Roses eraisteko dekretua sinatu zutenen politikoen izenak.
Nabarralden
argitaratua |
|