Labegerie, Mixel

Mitxel Labegerie Uztaritzen jaio zen 1921ean eta Akitaniako Tolosan hil 1980an. Idazle, kantari eta politikari izan zen. Medikuntza-ikasketak egin zituen. Espainiako Gerra Zibilean Iparraldera ihes egindako euskal errefuxiatuek eragin handia izan zuten haren bizitzan; Francoren aurkako erresistentzian jardun zuen. Enbatako sortzaileetakoa (1959) eta "Gure Herria-ko" kolaboratzailea izan zen. Eskualzaleen Biltzarra elkarteko lehendakari hautatu zuten (1960). Pixkanaka alderdi kristau-demokratara hurbiltzen joan zen eta Frantziako Asanblada Nazionaleko diputatu (1962-67), Pirinio Atlantikoetako kontseilari nagusi (1964), Kanboko alkate (1965az geroz) eta Frantziako senadore (1969, 1973) izan zen. Euskal abestiaren berritzaileetako bat eta Ez Dok Amairu taldeko kidea izan zen. Francoren diktaduraren ondorioak kontatuz protesta-abestiak egin eta kantatu zituen: "Gu gera Euskadiko"; "Gure Astoak Balaam"; etab. Poesi lanak ere egin zituen (Nafarroa, oi Nafarroa, 1962). Euskaltzain urgazlea izan zen.

Iturria: Harluxet