Richelieu
|
argazkia: Elhuyar |
Armand-Jean
du Plessis 1585eko irailaren 9an jaio Parisen eta 1642ko azaroaren 29an hil zen
bertan. Nafarroako
Luis
II.aren Ministro hieratikoak, populuaren nazionalismo frantziarra pizteko,
azkar kentzen zituen kardinal jantzi eta gurutzea
gerlariaren ezpata jasotzeko, gerlari peto-petoa baitzen. Arnaud-Jean
Peirerekin, Iruriko kondea izango
zenarekin, etengabeko liskarrak izan zituen, geroago Alejandro Dumas-ek maisuki
kontatu zituen legez. Goranahia zen,
sentimendua bainoago, eliz lanak utzi eta militar ekintzei
heltzeko arrazoia nagusia, nahiz eta hori guztia Frantziaganako maitasunaren
izenean egin. |
|
Hilaire Belloc-ek egindako biografian zera kontatzen du: erret familiaren artean gauza jakina bezala kontatzen du “Madame” alemaniarrak, Luis XIV. anaiaren alargunak, kardinalak eroaldi sakon haietako batean sartzen zenean zaldi odolbero bat zela jartzen zitzaiola buruan. Gelaren inguruan jartzen omen zen itzuliak ematen, irrintzika eta ostikoka, heldu nahi zuten zerbitzariei. Zerbitzariek harrapatu, lotu eta ohera sartu behar izaten zuten ahalik eta berotasun gehiena emango zion tapakiekin estaliz. Baretu eta bere onera etorrita Richelieu ez zen gertatutako ezertaz gogoratzen. Etsai asko izan zituen kardinalak, ez kanpoan bakarrik, baita gortean bertan ere. Armand-Jeanek gortean lortutako boterea ez omen zen ohikoa hain jaiotze baxuko pertsona batentzat. Richelieuk berak idatzi zituen gortean aurrera egiteko eta boterea lortzeko arauak: gutxi hitz egin, dena entzun, gorenekoen lerdokeriei arreta-itxura egin, goikoak goratu eta menpekoei boterea erakutsi. Bera baino mende bat lehenago jaiotako Niccolo Machiavelli-ren “Printzea” irakurri gabe ere gehitu zezakeen: irainak isilik irenstea, mendekuaren bat-bateko gogoari eustea eta ingurukoak etengabe zelatatzea. Horrela jokatu zuen kardinalak. Ez zuen gupidarik izan gezurra esan eta engainatzeko, eta bera noblezi apalekoa zenez, gogo onez hartzen zuen geroago berberak garbituko zituen gorteko kideen laguntza. Zuzenean
esku hartu zuen Hogeita hamar Urteko
Gerran eta erlijio gatazketan. Baina gerra horiek herriaren miseria ekarri
zuen eta nekazarien erreboltak piztu ziren. Zuberoako
lur-desjabetzeak matxinadak piztu zituen. Parisen Jean-Ambroise Duvergier de
Hauranne,
Saint-Cyraneko abade baionarra, jansenisten aldekoa izateagatik atxilotu
egin zuen,
eta kardinala hil arte ez zuten askatu. Garai hartan larri gaiztotu
zituen Frantziako estatuaren eta aita sainduaren arteko harremanak, batez ere,
Richelieuk jarritako eliza-gizonen gaineko zergak zirela eta. Baina Richelieu, batez ere Plessistarra zen. Baserriari izena ematen dien soro ederrak dira Frantziako "Plessisak". Latinetik datorkie izena, “praxillus”: hesitura edo basoko itxitura. Frantziarrek gero, harresiz inguratutako baserri edo gaztelu txikiek izendatzeko erabiliko zutena. Kardinalak murrutzarrez inguratutako baserria bailitzan irudikatu zuen bere Frantzia, eta bizitza osoa eman zuen bere "baserria" antolatzen: Pirineo eta Alpeak hego-ekialdeko harresi, iparraldetik alemaniarren eta habsburgtarren auzoak, ekialdean itsasoa eta Parisen jauretxea: hura zen bere Frantzia. Loturak: Orléansko dukea; “Hilaire Belloc”-en Biografiatik, egileak itzulia. |