Ximenez de Rada, Rodrigo
Rodrigo
Ximenez Radakoa Garesen jaio zen ~1170 eta Vienne-n hil, Frantzia, 1247an.
Elizgizon eta kronikari nafarra izan zen. Bolognan zuzenbidea eta Parisen
filosofia eta teologia ikasi zituen. Alfontso
VIII.ak eskatuta, Inozentzio II.ak Osmako apezpiku (1208) eta Toledoko
artzapezpiku izendatu zuen. Gaztelako gortean eragin handia izan zuen: Iberiar
penintsulako errege kristauen aliantzan bitartekari izan zen, armada Toledon
babestu eta Navas de Tolosako
guduan parte hartu zuen (1212); Cáceres (1218) eta Requenako (1219)
kanpainetan ere parte hartu zuen. Fernando
III.aren erregealdian ekin zion Toledoko katedrala eraikitzeari (1226).
Latrango IV. Kontzilioan Toledoko elizbarrutiaren nagusitasuna aldarrikatu zuen
(1215) eta Valentziako elizbarrutia ere beretzat eskatu zuen 1238an; hori zela
eta, Tarragonako artzapezpikuak sinodo batetik kanporatu egin zuen (1241).
1247an Lyongo kontzilioan parte hartu zuen. Inozentzio IV.ari Erromara bisita
egitera abiatuta hil zen. XII-XIII. m.etako historiaren berri eman zuen "Historia
Gothica" liburuan eta antzinatetik XII. m.ra bitartekoa "De
rebus Hispaniae" liburuan.
Loturak: Ximenez Gazolatzekoa, Pedro;
Iturria: Harluxet