<<< Orri Nagusira

       

www.puntubi.com

Caracas-ko Erret Konpainia Gipuzkoarra

Caracas-ko Erret Konpainia Gipuzkoarra 1728an sortu zen. Europako gainerako merkatariak Amerikako kolonietan aberasten ari ziren, baita Espainiaren mendekoetan ere. Espainiako egoera kaotikoa zen eta, askotan, koroarentzat negozioa behar zuena galera bilakatzen zen. XVIII. mendean Europan zehar zabaldu ziren merkatal teoria berriei jarraituz, Peņafloridako kondeak eta beste hainbat merkatari eta nabigatzaileek sortu zuten merkatal konpainia. Helburua zen Caracas inguruan ekoizten zen kakaoaren merkataritza kontrolatzea. Euskal merkatari-talde horrek Felipe V.a erregearen baimena izan zuen eta Gipuzkoako Batzar Nagusien laguntza lortu zuen konpainia abian jartzeko. Egoitza nagusia Donostiako Kontsulatu etxean jarri zuten eta Espainian akzioen salmentaz sortutako lehen sozietatea izan zen.

Cádiztik pasa beharrik gabe, Pasaia eta Venezuela arteko merkataritza zuzena izateko pribilegioa lortu zuen. Caracaseko kakaoaren merkatua, kontrabandoa eta Espainiaren arabera legez kanpoko merkataritzari aurre eginez besteei kendutako materialaz jabetzeko baimena lortu zuen. Lehenengo hiru itsasontziak 1730eko uztailean atera ziren Pasaiatik. Berehala gehitu zitzaizkien beste batzuk eta Konpainiak iraun zuen bitartean 100 itsasontzi baino gehiago izan zituen. Konpainiak mozkin handiak lortu zituen eta Gipuzkoaren garapenean eragin biziki handia izan zuen: Donostia eta Gipuzkoa inguruko merkataritzak hazkunde handia izan zuen, Espainia eta Frantziako merkatariak Gipuzkoan biltzen ziren, industria bultzatzeko eta hainbat obra egiteko dirua lortu zen (elizak, udaletxeak etab.). Venezuelako kakao-produkzioa eta ekonomia guztia hazi egin zen. Espainiako koroak ere mozkin handiak izan zituen, akzioduna zen aldetik eta trafiko-eskubideengatik.

Behin Espainiak Caracaseko kostaldearen kontrola lortu zuenean, Konpainiaren funtzioa beteta, egoitza Madrilera pasa zen (1751); gero eta mozkin gutxiago lortzen zen, ingelesekin konpetentzia handia zen, nahiz eta Jose Lorenzo Goikoetxea bezalako marinelak borrokan jarraitu. Merkataritza librea onartu zenean desagertu zen Konpainia (1785).

Loturak: Jose Iturriaga

Iturria: Elhuyar