goi-nafarrera

Nafarroa Garaiko iparraldean eta Gipuzkoan Oiartzun ibaitik ekialdera (Lezo, Oiartzun, Irun, Hondarribia) hitz egiten den euskalkia. Azken urteotan atzerakada nabarmena jasan du goi-nafarrerak. Bizirik zirauen lurralde zabaletatik hainbat eta hainbat erdaldundu badira ere, Nafarroa Garaiko iparraldearen erdialdean goi-nafarrera hitz egiten da. Baita Gipuzkoako zati batean ere, Oiartzun ibaitik ekialderanzko lurretan.

Luis Lucien Bonaparte printzeak euskalkiez egindako laugarren eta azken sailkapenean (1869), bi euskalki bereizten dira orokorrean goi-nafarrera deitzen den horretan. Hegoaldeko goi-nafarrera hiru azpieuskalkitan banatu zuen: mendebaldekoa, Oltza, Gulia eta Zizurko hizkerek osatzen zutena; ekialdekoa, Eguesibar, Olaibar, Erroibar, Artzibar eta Aurizko hizkerek osatua; eta Iltzarbekoa, Garesko hizkerak eratua. Hegoaldeko goi-nafarrera ia-ia euskalki hila dela esan daiteke, Erroibar, Auritz eta Gulian euskal hiztun apur batzuk gelditzen diren arren. Bonaparte printzearen garaitik hona euskarak Nafarroa Garaian galdu duen lurralde-hedadura benetan kontuan hartzekoa da. Iparraldeko goi-nafarreran sei azpieuskalki bereizten dira: Arakil, Ultzama, Baztan, Araitz, Bortziriak eta Gipuzkoakoak (azken honetan, Arano eta Goizueta sartzen dira). Arakil eta batez ere Ultzama aldeko zenbait lekutan ere ezagutu da euskararen galera, baina oro har euskalki bizi-bizia dela esan dezakegu.

Baztango azpieuskalkia kasu berezia da, izan ere, oso eztabaidatua izan da lapurtera edo goi-nafarrera den, eta Bonaparte bera ere zalantzan egon zen. Errenterian ere goi-nafarrera egiten da Mitxelenaren ustez, ez gipuzkera. Beste euskalkiekin konparatzen badugu, nabaria da goi-nafarrerak antzeko ezaugarri asko dituela aldamenean dauzkan gipuzkera eta lapurterarekin. Honela, euskarak duen nolabaiteko erdigunearen osagai denez, eta gipuzkerak eta, bereziki, lapurterak duten literatur tradizioaren jabe ez den arren, euskara batua eratzeko erabili den oinarrietako bat da.

Iturria: Harluxet