<<< Orri Nagusira

       

www.puntubi.com

Jaun Zuria

Iparraldeko lur hotzetatik Euskal Herriratutako printzesa haurdun baten, Eskoziako erregearen alaba edo, semea zela diote batzuk. Beste batzuk, ordea, Sugaar eta Mundakako printzesa baten (Marirena beste batzuen esanetan) semea zela diote. Izotza bezalako azal zuria zeukan, gariak eguzkitan distiratzean duen antzeko koloreko adats luze, eta zeruari kendutako isla urdina begietan.

Laster egin zen Bizkaiko lurraren jaun eta jabe. Denek miresten zuten Jaun Zuria, batez ere, mairu eta turkoak lur hauetatik bidaltzeagatik. Gaztelako erregeak Jaun Zuriaren beharra zuela-eta Butroeko gaztelu atzean, mairuak izutzeko ezpata lagata, erregearen gerla-osteen buru jarri zen. Arrosa andrearekin ezkondu omen zen, baina ez zuten seme-alabarik izan. Hala ere, inguruko emakume askok txoratuta bere egina zuten, Jaun Zuria gizon gihartsu eta lerdena baitzen. Horretatik, Bizkaiko kostaldeko azal zuri eta ile hori jaiotakoak haren nolabaiteko oinordekoak direla uste da.

Beste batzuk diote Eskoziako erregearen alaba hura Lekubideko jauntxoak hartu zuela etxean eta haren semea, Jaun Zuria, semetzat hartu zutela. IX. mendean, Asturiasko Ordoņo, besteek diote Alfontso III.a, Bakioraino iritsi zela eta, nork egin aurre-eta azal zuri begi urdin hura jarri zela euskal osteen buru. Arrigorriagako Padura lur zelaian borrokatu omen ziren eta inguru guztia odol gorriz zipriztindu ei zuten, handik etorri zitzaion izena herriari: Harri gorria. Ordoņo garaitu ondoren haren osteen atzetik joan ziren euskaldunak, Malato zuhaitzeraino. Bertan, armak lurrera bota eta muga jarri zuten.

Historia errealean, Jaun Zuria izena eman izan zaio Bizkaiko III. jauna Haroko Diego Lopez I.ari. Alegiak dio Arrosa andreak senarra gerran hila zela ustean, Errodrigo izeneko kondearen besoetan jarri zela, baina Jaun Zuria itzuli eta biak erail zituen ezpataz. Beste kondaira batek dio emaztea eta amorantea hil ondoren, burua galdurik, itsasontziz urrundu eta Ameriketara ere iritsi zela.

Iturria: Berriatik moldatua