Margarita Angulemakoa
Margarita, Anguleman jaio zen 1492an eta Odos-en, Bigorre (Okzitania), hil 1549an. Nafarroako erregina Enrike II.a Albretekin ezkondu zenetik (1527 - 1549). Karlos VIII.a Orleanskoa eta Luisa Saboikoaren alaba. Frantzisko I.a Frantziakoaren arreba.
Karlos III.a Aleçongoa Frantziako kondestablearekin ezkondu (1509) eta harengandik alargundu zen 1525an. Bi urte geroago Nafarroako Enrike II.a Albretekoarekin ezkondu zen. Haiengandik Joana III.a Albretekoa jaio zen. Margarita kultura handiko pertsona zen; Paris inguruan sortutako artista- eta intelektual-mugimenduaren sortzaile eta partaide izan zen. Protestantismoarekiko begirune handia izan zuen eta kristau erreformaren aitzindariak ekarri zituen Nafarraren gortera, Joan Kalbin bera tarteko. Frantsesaz gain beste bost hizkuntza hitz egiten zituen: latina, grekoa, hebreera, gaztelera eta italiera. Besteak beste zerak idatzi zituen: "L´Heptameron", "Dialogue en forme de vision nocturne" (1525) eta "Miroir d´une âme pécheresse" (1531) "Les Marguerites de la Marguerite des princesses".
Nafarroako erreginak ahalegin handiak egin zituen politikan ere. Nafarroako erresuma berriro batu nahi izan zuen, baina, Karlos V.a bera eta Gaztelako koroari lotutako Nafarroako noblezia aurka izan zituen. Bere anaia Frantzisko I preso hartu zutenean Pavian (1525), Margarita, Karlos V.arekin negoziatzera joan zen, baina, Gaztelako errege usurpatzaileak uko egin eta etengabe erabili zuen protestantismoaren aitzakia Nafarroako lurrak ez itzultzeko.
Toribio Etxeberriak Nafarroako Margaritaren Heptameroneko hainbat kontakizun itzuli zuen Eibarko euskarara.
Iturria: Elhuyar/ Lur