Henrike II.a Albretekoa
Henrike II.a Albretekoa Zangozan jaio zen, 1503ko apirilaren 25ean eta 1555ean hil zen, ez dago garbi non. Nafarroako XXXIII. erregea (1517 - 1555). Katalina I.aren eta Joan III.a Albretekoaren semea. Nafarroako erresumaren garai latzenetako batean jaio zen. Bere aitona Alain Albretekoa tutore izan zuen.
1512an, Fernando II.a Inkisiziokoaren tropak Nafarroako erresuman sartu ziren, Albako dukearen gidaritzapean eta aita sainduaren onespenarekin. Gaztelako osteek Donibane Garazi ere inbaditu zuten eta errege familia Biarnora erbesteratu zen (Salbaterra, Orthere eta Pau). Bere ama Katalinaren aurka zeuden aldi berean bere osaba Joan Foix-koa eta, Isabel I.a eta Fernando II.a; azken horiek, Leringo III. kondearen laguntza zuten. Henrike II.a jaio orduko itzartu egin zuten bere ezkontza: bi urte besterik ez zituen Joana Eroaren alaba Isabelekin. Baina, ezkontza egiaztatzeko unean, 1512an, Gaztela-Aragoiko Isabel eta Fernando aitona-amonak atzera egin eta Henrike, Gaztelako gortera eramatea eskatu zuten; gauza bera eskatu zuen Frantziako erregeak Renata printzesaren eskua eskainita. Bistakoa denez, diplomazi mugimendu guzti horiek Nafarroako partitzea prestatzeko aitzakiak baino ez ziren.
1515ean, Fernando II.ak Nafarroako errege izendatu zuen bere burua Burgosen eta Nafarroa Gaztelari batu zion. Halere, erresuma bakoitzak bere antolamendu politikoa mantendu zuen. Gaztelako Errege Katolikoen eraginez Aita Santuak Henrikeren ama Katalina eskomikatu zuen eta Henrike II.a Nafarroako errege titular bilakatu zen (1517). Henrike eta bere aita Joan III.a Frantziako gortean babestu ziren; Henrikek bertan ezagutuko zituen Frantzisko Angulemakoa, geroago Frantziako Frantzisko I.a erregea, eta bere arreba Margarita, emaztea izango zuena.
1517an hil zen bere ama Katalina erregina; orduan, Henrikek Nafarroako erresumaz gain Biarno, Foix, Bigorra, Ribagortza, Armagnac, Perigord, Tursan, Gabardan, Tartas eta Limogeseko lurraldeetako jaurgoak eskuratu zituen. Henrike II.a Nafarroakoa, beraz, Gaskonia eta ipar-erdialdeko Pirineoetako errege eta jaun nagusia zen. Bere buruan, ordea, xede bakarra zegoen: Gaztelarrek konkistatutako Nafarroa Garaia berreskuratzea.
1521ean, nafarrek eta gaskoinek Frantziako Frantzisko I.aren armadaren laguntzaz Nafarroa osoa berreskuratzen saiatu ziren. Nafar gehienak Henrike II.aren alde jarri ziren, baita 1512an gaztelarren alde jardun zuten beaumondar asko ere. Horrela, Iruņea hartu ondoren (Iņazio Deuna Loiolakoa, gaztelarren alde ari zela zauritu egin zuten bertan) Lizarra, Tafalla eta ia Nafarroa osoa hartu zuten; baina, Araba, Gipuzkoa, Bizkaia eta Errioxako nobleak Gaztelako agintarien alde atera eta nafar tropek atzera egin behar izan zuten. Atzerako martxa horretan, Iruņea Noaingo batailan galdu zen, 1521eko ekainaren 30ean. Batailaren ondoren, soldaduak ihes egin zuten: Hondarribira batzuk eta beste berrehunen bat gudari Amaiurren gotortu ziren. Amaiurri urtebete eutsi zioten, baina, Amaiurko setioan, 1522ko ekainaren 19an, Nafarroa Garaiak independentzia galdu zuen eta ekainaren 30ean Irungo San Martzialgo bataila galdu zen. Hondarribian 1524ko martxoaren 25ean sartu ziren berriro gaztelarrak.
1530ean Karlos I.aren Gaztelako tropek Nafarroa Beherea konkistatu zuten, baina urte berean Henrike II.a Albretekoari itzuli zioten berriro. Handik aurrera Nafarroa Beherean kokatu zuen gortea: Donibane Garazi, Donapaleu eta Bastidan bildu ziren Nafarroako Estatu Nagusiak; Donapaleun jarri zuen Justizi Gorte Nagusia, Erret Kantzileria eta Moneta etxea. Aldi berean, Henrike II.a Frantziako koroari hurbildu zitzaion: Frantzisko I.ari lagundu zion Italiako gerran eta Pavian; horretan Henrike II kartzelatu egin zuten eta Joan de Urbietak Frantzisko I.a preso hartu zuen (1525). Bi urte geroago Henrikek ihes egitea lortu zuen eta Frantzisko I.a Frantziako arreba Margarita Angulemakoarekin ezkondu zen (1527). Haiengandik Joana III.a Albretekoa jaio zen. Henrike 1555eko maiatzaren 25ean hil zen eta bere alaba Joana III.a Albret izango zen Nafarroako ondorengo erregina.
Loturak: Klaudio Lorrenekoa; Sevillako ituna;
Iturria: Elhuyar/ Lur Entziklopedia/ Auņamendi