<<<Nagusira

 

 

www.puntubi.com

 

puntubi.com

 

>Lizarra   

 

Udal-barrutian Brontze Aroko hondakin arkeologiko batzuk aurkitu dira. Antso Ramirez erregeak 1090. urtean eman zion Jakako Forua, honela Jakue bideak zekarren biztanle aniztasun eta garapen ekonomiko berria lortuko zuen. Lehenengo etorkinak Auverniatik eta Limousinetik zetozten eta beraientzat biztanle-gune berri bat sortu zuten eta Stella izena eman zioten, egun desagertutako San Martin elizaren inguruan, Ega ibaiko eskuineko ertzean eta gazteluko itzalpean babesturik. Aberaste-bidean zegoen komunitatea poliki-poliki handituz joan zen, frankoen eta nafarren topagunea izateko eta mestizajea errazteko eraiki ziren gune berriak, esaterako San Migel, San Joan (Antso Jakituna erregearen ardantze batzuen gainean eraikia) eta San Salvador del Arenal (XIV. mendean ondoko San Migel auzoak bereganatua). Auzo bakoitzari Antso VI. Jakituna erregeak foruak eman zizkion 1164an.

XII. mendean beste goraldia gertatu zen. Eraikin berriek herriko fisionomiari itxura berria eman zioten, gaur egun, neurri batean bederen, irauten duena. Hiria elizez betetzen da: San Pedro Ruakoa, San Migel, San Joan, baita Ospitaleak ere. Kofradiek zaintzen dituzte hauek eta erromesek hartu duten garrantziaren seinale dira. Hiribidea, laster bilakatu zen Jakue bidearen erromesaldiaren geldialdi paregabea.

Aymeric Picaud monjeak franko ugari zuen hiria aurkitu zuen eta bere Codex Calixtinus gidan “nafar basatien eta fedegabeen” aukako hitz gogorrak egotzi ondoren, zoriontsua da Lizarrara heltzean, beste franko anitzen antzera etxean bezala egoten baitziren, ohiturak eta hizkuntza antzekoak zirelako. Lizarrarentzat hitz atseginak ditu: “ogi onean emankorra, ardo, haragi eta arrain ezin hobea, eta zorion guztiez betea”. Baita Ega ibaiko urari buruz ari denean ere “gozoa, osasuntsua eta ona” da. Nonbait, Garesetik irten ondoren Lorka herrian esperientzia txar bat izan zuen: herritar batzuek engainatuta bere animalia zamariak pozoiturik hil ziren errekan ur gazian edandakoan, ondoren, bertakoek hildako animaliak larrutu eta haragia zatitzen hasi ziren.

Hiriko hazkunde prozesu hori XIII. mendearen hasieran bukatu zen. Hiria aberastu egin zen komentu ugarirekin, esaterako: Rocamadorreko Andre Maria, Huertako Andre Maria, agustindarren komentu bat, klaratarrena beste bat, domingotarrak, Gradmont-eko monjeak, frantziskotarrak eta mesedetakoak. Halaber hirian ospitaleak eta aterpetxeak ugaritu ziren erromesak hartzeko. Guzti hori gaztelu multzo batez zainduta, hiru estrukturatan egitaratuta: Zalatambor, Atalaya eta Belmecher. Antso VII.a erregea Marocon zela aprobetxatuz gaztelarrek Nafarroako erresumaren mendebaldea inbaditu ondoren (1200), eginkizun militar handia hartu zuen Lizarrak, oinarrizko gotorlekua bilakatu baitzen Gaztelako mugako zaintzeko. Teobaldo I.aren erregealdian, Lizarra Merindade baten burua izan zen.

Erromesen inguruan sortutako merkataritza, nekazaritza eta artisautzak garrantzi handia hartu zuen XII. eta XIII. mendeetan. Zoritxarrez, hurrengo mendean auzoko-bandoen arteko liskarrek erasan zuten Nafarroa. Honako ordenantza hau ere xedatzera heldu ziren: “hiltzen duenak hil bedi”, eta ordenantza hau gobernadore batzuk eta Karlos II.a errege berak berritu zuten. XIV. mendean hiriko komunitate judutarra garrantzitsua zen (Iruñeakoaren eta Tuterakoaren atzetik erresumaren hirugarrena) eta harren aurkako jazarpena gertatu zen. 1328ko martxoaren 6an, Lizarrako herritarrek, frai Pedro Ollogoiengoaren sermoiek beroturik, eta Karlos I.a Burusoilaren heriotzaz eta horren ondorioz boterea hutsik geratzeaz baliaturik, judutegia eraso zuten. Lizarrako komunitateak zuen garrantziaren erakusgarri izan zen, Evreuxko Felipe erregeak  ezarri zien zigorra hondamen guztien erantzuleei. Baita ere, Karlos II.a hil ondoren, Gaztelarekin izandako gerrak 1378an larriki kaltetu zuen hiriko ekonomia.

Bandoen arteko liskarrek segitu zuten XV. mendean, oraingo honetan bi talde ziren aurrez aurre zeudenak, Poncetarrak eta Learzatarrak, eta horien arteko istiluek hiriko bizitza polarizatu zuten. Borroka gehiago Gaztelarekin (1429-1430) eta gerra zibil baten ondorioak Nafarroan, Egako ertzean kokaturik dagoen hiriko gainbehera geldiezina eragin eta areagotu zuten, eta ibaia bera ez zen egoera honetatik kanpo gelditu 1475 urtean sekulako ur-goraldia izan baitzuen etxe guztien erdiak suntsitu zituena.

Mende honetan bertan ere, 1483 urtean, Lizarrak hiria izatea lortu zuen, pribilegioa eskuratu zuen erregea ezkutuaren gainean altxatzean, Lizarrako alkateak edota bere ordezkariak ezkutua heltzea Iruñekoak heltzen zuen uztai beratik.

Gaztelako errege Fernando II.ak Nafarroa inbaditu ondoren 1512an, nafarroako errege erreginak erbesteratu behar izan zuten.

XVII. eta XVIII mendeetan barna hiriak erdi lo egon zen, era patxadatsu honetan eta izualdi handirik gabe XIX. mendera heldu zen. Napoleonen aurkako Gerraren ostean hiria Lehenen Gerra Karlistaren erdigunea bilakatu zen. Los Llanos parkean Tomas Zumalakarregi Komandante-Jenerala izendatu zuten. 1839an, Puyko Basilikaren atzean, Maroto Karlista Jeneralak fusilatu zituen Bergarako ituna sinatzeko uzkur ziren jeneralak.

1872tik 1876ra Bigarren Gerra Karlista gertatu zen, eta Lizarra izan zen, okupazioaren ondoren, Karlos VII.aren Gortearen hiriburua.

XX. mendeak suposatu zuen ekonomia goraldiaren hasiera, Frankoren estatu kolpearen ondorengo Gerra Zibila eta gero, batez ere hirurogeigarren hamarkadan, orduan hiri-aldaketaren prozesua hasi bazen ere oraindik erdi aroko itxura garbia gordetzen du.

Iturria: Lizarrako Udala

 

5.- Bidali informazioa eta iradokizunak