Nafarroa Garaia eta Behereko konkista
Aurrekariak
1512ko hastapenetan Frantziako Luis XII.aren eta Aragoiko Fernando II.aren arteko gerra piztu zen. Argi zegoen bi erresumek helburu bera zutela: Pirinioetako zeharbideak kontrolatu eta, bide batez, Nafarroako erresumatik geratzen zena inbaditu. Gaztelan, Joana Eroa zen erregina titularra, nahiz eta honen eroaldia zela-eta bere aita Fernando II.ak gobernatu. Ordurako (1504), Fernando Foixko Germanarekin ezkondua zegoen.
Nafarroako erresuma oso egoera ahulean zegoen militar arloan eta ez zuen aliatu indartsurik Europako diplomazian. Batetik, Fernandok eta bestetik, Ingalaterrako erregeak, Akitaniako (Guyena) lurralde-interesak zirela eta, elkarrekin hartuta egin zuten hitzarmena frantziarren kontra. Nafarrak ere frantziarren beldur ziren eta ongi zetorkien Fernandok frantziarren kontra proposatzen zuen batasunak, baina, Aragoi-Gaztelako erresumaren asmoak bestelakoak ziren, Nafarroa haien pean jartzea alegia.
Alde guztiak hazi ziren gudua prestatzen. Horrela, Ingelesak Southamptom-en itsasoratu eta Pasaian lehorreratu ziren, Sir Thomas Grey-ren agindupean. Oste ingelesak Lapurdi zuten helburu, handik, Ehun Urteko Gerran galdutako Guyena berreskuratzeko asmoz. Gaztelar osteak, berriz, Bizkaia eta Gipuzkoako jende armatuarekin (Bizkaia eta Gipuzkoa 1200. geroztik Gaztelarren pean zegoen) Gipuzkoan bildu ziren. Aurretik, 1503 inguruan, Arabako Ermandadeak antolatzeko eta hornitzeko, eta 1200 mertzenario-jende armatzeko agindua zuen. 1512ko udaberrian, Fernandok agindu zuen Gipuzkoa eta Lapurdiko mugara arma, munizio eta artileria bidaltzea eta Gaztelako osteak etorrera prestatzeko haragia, ardoa eta garia Gasteizera eramatea. 1512ko uztailaren 3an, Gasteizko jauntxoak Albako dukeari "ongi etorria" ematera atera ziren.
Garai bertsuan, Burgosen, Mauleko Labron kontseilariak eta Jaregiçarreko Martin Notarioak Nafarroako erregeen izenean Fernando II.arekin berarekin Frantziaren aurka egiteko bi estatuen arteko ituna negoziatzen ari ziren. Fernandok Lizarra, Donibane Garazi eta Amaiurko gazteluen zaintza eskatzen zuen (horrek, Nafarroaren Ipar-Mendebaldea gaztelarren esku geratzea suposatzen zuen). Fernandok eskaera onartezinak egiten jarraitu zuen eta Frantziako erregearen kontrako gudua egiteko ingelesekin zuen hitzarmena atzeratzea lortu zuen.
Aldi berean, 1512ko apiriletik aurrera, Nafarroako beste ordezkaritza bat Loira ibaiaren ertzeko Bloisko gazteluan zen. Frantziako erregearekin zituzten liskarrak konpontzeko asmoz, besteak beste, Biarnoko estatutuaren, Albreteko jaurerriaren, Limogesen eta Nemourseko dukerriaren egoera eta, nafar eta biarnotar txanponen truk-erabilera alegia. Joan-etorri askoren ondoren, 1512ko uztailaren 17-18an, sinatu ziren hitzarmenak. P. Boissonnaderen esanetan, hauek sinatzeagatik, Nafarroako erregeek Pirinioetako Iparraldeko jabegoak salbatu zituzten, baina, Nafarroa Garaiko erresuma galdu zuten.
1512ko inbasioa
Fernando inkisidoreak, Julio II.a Aita Sainduak emandako "Pastor ille caelestis" delako bulda aitzakia hartuta, Nafarroa Garaia inbaditzen hasi zen. Bulda hori, ordea, ez zen existitzen. Geroztik eginarazia da eta Bartzelonako artxiboan dago jasota. Uztailaren 10ean oste espainiarrak Goizuetan barrena sartu ziren. Hilaren 17an, Fernando II.ak Albako II.a dukeari agindu zion Gasteiztik atera eta Aguraindik barrena Iruñerantz abiatzea. Agurainen bildu zitzaizkion gaztelarren aldeko beste 3.000 gipuzkoar, 2.000 bizkaitar Abendaño eta Butroeko Ahaide Nagusien agindupean, eta Diego Martinez buru zutela 1.000 arabar. Ekialdetik, berriz, Zaragozako artzapezpikuaren agindutara Tarazona eta Erriberritik 3.000 soldadu eta 400 zaldun sartu ziren, Erronkarialdeko ihesbidea mozteko asmoz.
Uztailaren 21ean Etxarri-Aranatz hartu ondoren, Beamonteko Luis buru, Arazuriko ingurura iritsi ziren. Uztailaren 24an sinatu zen Iruñeako kapitulazioa eta Nafarroako Joan II.a Albret eta Katalina I.a errege-erreginak Xabierko frantsesen aita Joan Jasokoa eta Pedro Nafarroakoaren laguntzaz Irunberrin barrena ihes egin zuten Biarnora. Gaztelarrek Santiago eguna aukeratu zuten Iruñan sartzeko. Uztailaren 25a hartan, bandera eta estandarteak airean eta Batikanoko ordezkaria aurretik zituztela, gaztelarrak eta haien menpeko arabar, bizkaitar eta gipuzkoarrak Nafarroako erresumaren hiriburuan sartu ziren. 1512ko abuztuaren hasieran, Albako dukearen osteak Donibane Garazin sartu ziren.
Kapitulazioa, Inkisizioa eta Nafarroa Garaiko gainerako herriak
Iruñako kapitulazioan, 1512ko uztailaren 24an, gaztelarrek ongi zaindu zuten bertako agintari eta nobleen interesak errespetatuko zituztela agertzea. Honela; hiriburuaren, funtzionarioen, zein aberatsen interesak gordeko zirela esanez; Logroñon zain zegoen Fernandok nafar hiritarrak beaumondar eta gaztelarren alde jartzea nahi izan zuen: "privilegios, franquezas y libertades, honores, prominencias, prerrogativas, ferias, exenciones, usos y costumbres que la dicha ciudad tiene, les fuesen observadas y guardadas, a menos de contravención ninguna, quedando siempre la dicha ciudad cabeza del dicho reino de Navarra, y no mudándola en cosa alguna su estado". Batetik, hiritarrak lasaitzea eta bestetik, noble eta funtzionarioek Nafarroako errege legitimoen alde egiteko izan zezaketen asmoak uxatzea lortu nahi izan zuen ondoko beste honekin: "Que los ciudadanos y vecinos de ella, así en general como en particular, les valiesen y gozasen de los oficios reales, gracias, mercedes, pensiones, salarios, asientos y acostamientos que tenían conforme a sus títulos y provisiones, usos y costumbres de los llevar y gozar."
Errege Faltsarioak Nafarroako funtzionario eta jauntxoen pribilejioak errespetatuko zituela zin egin arren, Iruñako Artzapezpiku Labriteko Amadeo hil zenean, katedraleko kabildoak Goñiko Remiro hautatu zuen, baina, Fernandok baliorik gabe utzi zuen kalongeen hautua, oso ondo zaindu zuen garrantzizko karguak nafarren eskuetan ez izatea. Gaztelu eta dorreak suntsitu egin zituzten birkonkista galarazteko, herriak arpilatu, emakumezkoak bortxatu, jendea torturatu, hil. Villalba jeneralak herriari izu osasuntsua inposatzeko beharrezkoa zela esan zuen.
1512ko irailaren 21ean, Erromako elizaren laguntzaz, Fernandok Inkisizio Sainduaren Tribunala ezarri zuen. Honek ehunka nafar sutan bizirik erretzera kondenatu zituen, horietan, Zugarramurdi-Sarakoak eta oro har mugan bizi ziren emakumezkoak dira ezagunenak. Gaztela-Aragoiko eta Frantziako monarkiek muga Piriniotan jarri nahian ari ziren aspaldian eta monarkia haien kontra zegoen guztia susmopean jarri zuten: mugak itxi zituzten, odol garbitasuna aldarrikatu zuten, hizkuntza bakarra, eliza bakarra eta jainko bakarra ezarri, eta hortik kanpoko zegoena desagerrarazi. Nafarroan arpilatutako elizen ondasunak gaztelar osteen soldatak ordaintzeko erabili ziren. Hegoaldean, Tomas de Torquemada eta Iparraldean, Pierre De Lancre izan ziren inkisidore basatienak.
Behin Iruñea erorita eta nafar errege titularrak ihesera emanda, Nafarroa Garaiko gainontzeko herri garrantzitsuak banan bana erori eta kapitulazioa sinatu behar izan zuten: Zangoza, Erriberri, Tafalla, Biana, Tutera (irailaren 3an), Lizarra (urriaren 30ean). Nafar herriak erori ziren, baina, ez borroka bortitzetan inbasoreei aurre egin gabe. Bien bitartean, oste ingelesak Pasaian jarraitzen zuten liskarretan sartu gabe eta inoiz iritsiko ez zitzaien txandaren zain. Hurrengo urteetan, Nafarroa Garaia berreskuratzeko nafar-biarnesen ahaleginak etengabeak izan ziren. Azkenekoetan, Iruñea hartzean (1521-V-19), bertan zauritu zuten gaztelarren alde ari zen Loiolako Iñigo. Logroño hartzea ere lortu zuten, baina, oste gaztelarrak komuneroen kontrako gudutan garaile izan ondoren, nafarren aurka bildu ziren. Noaingo sarraskiarekin (1521-VI-30), Amaiurko setioarekin (1522-VII-19) eta Hondarribiako (1524-III-25) erortzearekin amaitu ziren Nafarroa Garaia berreskuratzeko erregeen ahalegina.
Iturria: Manex Goyheneche eta artikuluak